XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

CLXI. GUTUNA

TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEAK ...RI

(Hark diktatua eta haren gelariak izkiriatua)

Izaki krudel eta gaiztoa, sekula ez haiz niri esesteaz nekatuko?

Ni oinazetu, beheititu, doilortu izana ez ote duk aski, hilobiko bakea ere nahi didak kendu?

Zer! Itsuskeriak neure burua ehorztera behartu nauen egoitza ilunbetsu honetan, atsekabeak pausurik gabeak ote, esperantza ezezaguna ote?

Ez dut galdatzen merezi ez dudan barkamenik: kexurik gabe sofritzeko, aski duket sofrimenduek nire indarrak ez gainditzea.

Ez bihurtu ordea nire sofrikarioak pairagaitz.

Oinazetan uzten naualarik, edeki iezadak ontasun galduen oroitzapen krudela.

Kendu baitizkidak, ez nire begien aurrean berriz irudika haien irudi hondoragarria.

Lañoa ninduan eta lasai bizi ninduan: hi ikustearekin lasaitasuna galdu nian; hiri aditzearekin gaizkile ninduan bihurtu.

Nire hutsegiteen hutsegilea haizen hori, ba ote duk hutsegiteok zigortzeko eskubiderik?

Non dituk maite ninduten adiskideak, non? Nire zorigaitzak aienatu dizkik.

Ezein ere ez duk ausartzen nigana hurbiltzera.

Hertsatua nauk, eta laguntzarik gabe uzten naitek!

Hiltzen ari nauk, eta nehor ez duk ari nigatik negarrez.

Kontsolamendu oro ukatua zaidak.

Urrikia baratua duk gaizkilea amiltzen ari den leizearen ertzetan.

Kontzientziaren ausikiek urratua zeukatek, eta haren oihuak ez dituk entzunak!

Eta hi, laidotu haudan hori; hik, hire estimuaz oinazeak areagotzen dizkidaana; finean mendekatzeko eskubidea atxikia daukaan bakarra, zer ari haiz nigandik urrun?

Hator emakume desleial bat zigortzera.

Sofri ditzadan behingoz merezi ditudan hildurak.

Hire mendekura makurtua nindukek jadanik: ez diat ordea neure ahalkea hiri aitortzeko kuraiarik izan.